viernes, 28 de enero de 2011

"Aquí se habla en español", "Usted me ha entendido y no hace falta más", "En español o no entras"
"Ici on parle en français!", "Vous m’avez compris", "En français sinon vous ne rentrez pas"…

NOIZBAIT HONELAKORIK ERANTZUN AL DIZUTE?
Ba, horrelakoetan jo ezazu... EUSKARAREN TELEFONORA!
"Euskararen telefonoa" Hizkuntz Eskubideen Behatokiak sortutako doako zerbitzua da. Hizkuntza-eskubideen urraketei konponbidea emateko tresna zuzen eta eraginkorra izan nahi duen zerbitzu hau, Euskal Herriko edozein herritarren eskura dago.
Zerbitzu honen egitekoak honako hauek dira:
-Euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak babestu eta defendatu ez ezik urratzen direnean salatu ere egiten ditu.
-Euskal Herrian euskaraz hitz egiteko, administrazioari zuzendu eta administraziotik zerbitzuak jasotzeko (osasuna, hezkuntza, justizia, informazioa edo beste edozein zerbitzu), bai eta orokorrean gizarteak eskaintzen dituen aukerak euskaraz baliatzeko euskal hiztunek dituzten eskubideak babestea du helburu.

… eta zelan funtzionatzen du?
Lehengo eta behin herritarren kexak hartzen ditu Euskal Herrian euskara erabiltzeko eskubidea ez bazaie errespetatu, ukatu bazaie edo euskaraz egiteagatik kaltetuak izan badira.

Ondoren, kexak bideratu egiten ditu erakunde publiko zein pribatuen aurrean eta, beharrezkoa denean, bide judizialera jo ere egiten du.

Eta horrez gain, hizkuntza-eskubideen betetze-egoeraren azterketak eta txostenak egiten ditu eta horiek euskal gizarteari eta Euskal Herriko administrazio-erakundeei aurkezten dizkie, euskaldunen hizkuntza-eskubideen egoeraren berri ematen du nazioartean eta harreman zuzena du munduko hainbat erakunderekin: Europako Kontseilua, Nazio Batuen Erakundea…, hizkuntza-eskubideen edukiak zabaltzen ditu eta bertako hizkuntza erabili eta gizarte-arlo guztietan garatzeko Euskal Herriko gizarteak duen eskubide gisa defendatzen ditu, eta amaitzeko, hizkuntza-eskubideekiko kontzientziatzea eta sentiberatzea lantzen ditu.
Beraz badakizu, euskaraz aritzeko eskubidea duzu. Ez utzi inori hizkuntz eskubideak urratzen, eta horrelakorik gertatzen bada… eman horren berri euskararen telefonoan!
Horretarako hiru bide dituzu:
-www.euskararentelefonoa.com webgunearen bidez
-902194332 edo 0559594948 telefonoen bidez
-UEMAko udaletxeetan dauden buzoien bidez

viernes, 21 de enero de 2011

Zer deritzozu tabakoaren kontrako lege berriari?

Urtarrillatik aurrera ezin da leku publiko itxi guztietan erre, Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE)  argitaratu zuenez. Tabakismoaren aurkako osasun neurrien Legeak 2006ko araudia aldatu eta osatzen du.
Hori horrela, zenbait toki zabaletan erretzea ere debekatzen da, besteak beste, institutuetako kanpoaldean, jolastokietan edo osasun-zentroen inguruetan.
Legearen arabera, hotelek, aterpetxeek eta ostatuek libre dituzten gelen % 30 erretzaileentzat gorde ditzakete. Horrez gain, kartzeletako presoek, ospitale psikiatrikoetako gaixoek eta zaharren egoitzakoek erretzeko erretserbatutako gelatan baino ez dute erretzeko baimenik izango.
Bitxikeriak bitxikeri, ibilgailu pribatuetan, nahiz eta adingabeak egon, helduaren esku egongo da erretzea.
Legearen testuan herritarren eskaerak betetzen direla ziurtatzen da, duela gutxi eginiko galdeketek dioten moduan. Horrez gain, adingabeei eta ostalaritzako langileei on egingo die, besteen tabakoaren kea inguruan izaten baitute.
Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den legea ez da otsailera arte onartuko eta are murriztaileagoa izango da.

Ostalariak aurka daude
Besteak beste, Espainiako Ostalarien Federazioa izan da lege berriaren aurka azaldu dena, sektorearen fakturazioa % 10 jaisteaz gain, 150.000 pertsona langabezian geratuko direla iragarri baitu.
Hala ere, Ekonomia Azterketen Institutuak egindako aurreikuspenen arabera, sektorean 50.000 postu galduko dira, hau da, ostalariek kalkulatutako zifraren bi herena.
Ostalaritzako salmenten beherakada eta berriztapena % 5 eta % 10 artekoa izango da; 2009ko kopuruekin alderatuz gero, 7.000 milioi euro gutxiago irabaziko dituzte.
Tabakismoak gaixotasunak eragin eta sahiestu daitekeen lehen kausa da. Urtean 50.000 pertsona baino gehiago behar baino lehen hiltzen dira.

Urtean osasun arazoetarako 100.000 milioi euroko aurrekontuan, % 15 tabakoarekin lotutako gaixotasunei aurre egiteko erabiltzen da.

Lege berri honekin, Europako Batzordeak ezarritako bideari jarraitzen dio Espainiak. Helburu nagusia, 2012an, Europako estatu guztietan itxitako esparruetan erretzea debekatua egotea da.

 Zure iritziaren zain gaude, anima zaitez zerbait esatera!

jueves, 20 de enero de 2011

EGA azterketara aurkeztu nahi duzu?

Matrikulazio epea urtarrilaren 10etik 21era arte zabalik egongo da.
Euskararen Gaitasun Agiria, hau da, EGA eskuratzeko asmoa baduzu, orain duzu izena emateko aukera. Urtarrilaren 10etik 21era bitartean deialdi irekian parte hartzeko matrikula egin dezakezu. Horretarako,  eskaera Internetez egin behar duzu nahitaez.

Urtean EGA ziurtagiria lortzeko bi deialdi ireki egiten dira, eta bertan parte hartzeko, nahikoa da urte barruan 17 urte edo gehiago betetzea eta deialdietako batean matrikulatzea

viernes, 14 de enero de 2011

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek 2010-2011rako Udal Euskaltegien finantzaketa hitzartu dute

Kultura Sailak udal euskaltegiak laguntzeko ahalegin handia egin du. Hala, 2010-2011 ikasturterako diru-laguntzetan % 12,5eko beherapena aurreikusten bazen ere, beherapen hori % 1,96koa soilik izango da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren esfortzuari eta erakunde ezberdinen arteko elkarlanari esker.
Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek sinatu duten akordioaren helburu nagusia da udal euskaltegi bakoitzean dagoen euskarazko eskolen eskari errealari erantzuten saiatzea. Horrek dakar, alde batetik, aldez aurreko neurriraketarik ez ezartzea udal euskaltegi bakoitzaren finantzaketarako; eta bestetik, finantzaketa publikoaren eraginkortasuna bermatzea, euskaltegi bakoitzeko giza baliabideak eskari errealera egokitzeko ahalegina eginez. Adostutako irizpideen arabera, ikasturte honetan udal euskaltegiek bermatuak izango dituzke eskolak emateko baldintzak eta, beraz, hiritarrek eskolak jasotzekoak ere bai.
Blanca Urgell Kultura sailburuak, euskaltegiek egiten duten lan itzela goraipatu du. "Euskarari bultzada emateko euskaltegiek egiten duten lana ezinbestekoa eta goraipatzeko modukoa da. Eskerrak beraz, egunero-egunero euskaltegietan buru-belarri lanean ari zareten guztioi. Krisi ekonomikoak eragindako koiuntura ez da xamurra, eta ahalegin izugarria egin dugu euskaltegiei ahal izan dugun gutxiena eragiteko".
Helburu hori betetze aldera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta HABEk euskarako eskolen eskari homologatu osoa atenditzeko behar diren giza baliabideen soldata gordinen eta antzinatasunaren kostua finantzatuko dute, aldez aurreko neurriketarik aplikatu gabe. Finantzaketa hori HABEren deialdiaren bitartez gauzatuko da. Gainera, udal euskaltegietan dituzten matrikula-sarrerengatik aplikatzen den kenketa ezabatu egingo du. EUDELek, bere aldetik, udalek euren udal euskaltegietako baliabideak euskara-eskolen eskari homologatu errealera egokitu ditzaten bultzatuko du, horretarako egon daitezkeen aukera desberdinak erabiliz.

 

 

EUDELen ordezkaritza HABEn

Akordioaren sinaketan beste zenbait neurri eta ekimen ere adostu dira. Besteak beste, eta HABEren sorrera legean jasota ez badago ere, EUDELek ordezkari bat izango du aurrerantzean HABEren Zuzendaritza Batzordean.
Horrez gain, ikas-materialei dagokienez hiru egitasmo jarriko dira martxan. Batetik, BOGA programa eguneratuko da. Bestetik, autoikaskuntzarako planteamenduarekin, sarean, doan eta tutorizazio beharrik gabe, 60-80 orduko moduluak egingo dira alor profesional zehatzei zuzenduak. Eta azkenik, testu-liburu bat egingo da euskarazko lehen mailen irakaskuntzari zuzendua.
Hitzarmenarekin Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek 2009ko uztailaren 17an hartutako erabakiak berretsi dituzte. Adostutako irizpideak 2010-2011 ikasturtean egongo dira indarrean.
Diru-baliabideei dagokienez, ikasturteko lehen hiru hilabeteei dagokien ordainketa zuzenean egin zaie euskaltegiei; aldiz, gainerantzeko hilabeteei dagokiena deialdi bidez egingo da 2011. urteko lehen hilabeteetan.