viernes, 20 de mayo de 2011

SAHARA MARATOIA, 2011: “LASTERKETA BAT BAINO GEHIAGO”




Londres, Berlin, New York, Honolulu, Amsterdam, Rio de Janeiro...munduko hiri askotan egiten dira maratoiak.  Batzuk besteak baino ezagunagoak, ospetsuagoak, jendetsuagoak; baina denetan bereziena dena Saharakoa da, munduan bakarra baita errefuxiatu kanpamendu batean eta basamortuan burutzen dena.

Otsailaren amaieran munduko 25 herrialde baino gehiagoko 878 atletak parte hartu zuten Saharako El Aaiun, Auserd eta Smara errefuxiatuen kanpamenduen arteko Saharako XI. maratoian. Lasterketaren helburua Saharako herriak Aljeriako basamortu gogorrean bizi duen egoera gizarteratu eta salatzea da, eta bertako errefuxiatu kanpamenduetan laguntza humanitarioko proiektuak bideratu ahal izateko diru laguntzak jasotzea.

Kirol proba Aljeriako basamortuan aurkitzen diren saharar errefuxiatuen kanpamenduetan, Tinduf hiriaren inguruan antolatzen dute  eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Korrikalarien artean, Ainhoa Solozabal, (Agintzariko Euskara Koordinatzailea eta Zuzendaritza taldeko kidea) beste hainbat euskaldunekin batera; ilusioz, gogoz lasterketan parte hartu du, izan ere  10km  egiteko kemena eta adorea izan du. Atzerantz begira, esperientzia ahaztezin bat lez kontatzen digu han bizitakoa, ikusitakoa, sentitutakoa…

Euskara Batzordekoek, berarekin hitz egiteko aukera izan dugu, han bizitakoari hitzak jartzeko eskatu diogu Ainhoari,  egunotan zerbitzuetan jasoko dituzuelarik bere berbak, irakurgai izango duzue entrebista osoa! Eskerrak eman Ainhoari,  batetik han bizitakoa gurekin konpartitzearren eta bestetik, hiru hamarkadako sufrimenduak, belaunaldiz belaunaldi igaro dena eta milaka gizakien itxaropena ehorzten duena Tinduf-eko (Aljeria) errefuxiatu kanpamenduetan euren jaioterritik urrun basamortu idorrenean, hor dirauela gogoraztearren. 
Eskerrik asko Ainhoa!