viernes, 17 de diciembre de 2010

Horra Horra Gure Olentzero...!!!!!!!!!


Olentzero Euskal Herrian Eguberria iragartzen duen pertsonaia da, Eguberriaren bi zentzuetan: neguko solstizioa, betidanik; eta Jesusen etorrera, kristautasuna ezarri zenez geroztik. Tradizio batzuetan, bizirik iraun duen azken jentila da, basajaun eta basandererekin batera.

Kristautasunaren aurreko pertsonaia dela dirudi, ziurrenik jentil bat. "Onentzaro", "Onontzaro" (Larraunen) edo "Orentzaro" (Leitza eta Berrueta aldean) izena ere hartzen du. Izenaren eta jatorriaren berri ematen duen teoria ugari dago; Lope Martinez de Isastik, XVII. mendeko aipu batean, onen-(tz)aro, hau da, «gauza onen garaia» esan nahi duela dio; eta, XX. mendean, Azkuek ere uste bera du.
Beste hipotesia, "eskean ibiltzeko garaia" da: "Oles egitea", agur egitea alegia, gabonetako eta Santa Ageda bezperako kopla zaharretan maiz agertzen den esapidea da (Zorion etxe honetako denoi/ oles egitera gatoz/ aterik ate ohitura zaharra/ aurten berritzeko asmoz); hortik oles-aroa, hau da, etxez etxe kantuan janari eta diru eskean ibiltzeko garaia, gero merendu edo afari legea egiteko.

Julio Caro Baroja etnologoaren iritziz berriz, izena, eta batik bat hitz hasierako "O" hotsa, gabonetan kantatzen ziren elizako kantuekin lotua dago, maiz letra honekin hasten baitziren.
Azkenik, beste autore batzuen iritziz, "Olen" frantsesezko "noël" hitzaren metatesi batetik letorke, bainan forma lehena "Onen" da, ez "Olen".

No hay comentarios:

Publicar un comentario