viernes, 14 de enero de 2011

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek 2010-2011rako Udal Euskaltegien finantzaketa hitzartu dute

Kultura Sailak udal euskaltegiak laguntzeko ahalegin handia egin du. Hala, 2010-2011 ikasturterako diru-laguntzetan % 12,5eko beherapena aurreikusten bazen ere, beherapen hori % 1,96koa soilik izango da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren esfortzuari eta erakunde ezberdinen arteko elkarlanari esker.
Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek sinatu duten akordioaren helburu nagusia da udal euskaltegi bakoitzean dagoen euskarazko eskolen eskari errealari erantzuten saiatzea. Horrek dakar, alde batetik, aldez aurreko neurriraketarik ez ezartzea udal euskaltegi bakoitzaren finantzaketarako; eta bestetik, finantzaketa publikoaren eraginkortasuna bermatzea, euskaltegi bakoitzeko giza baliabideak eskari errealera egokitzeko ahalegina eginez. Adostutako irizpideen arabera, ikasturte honetan udal euskaltegiek bermatuak izango dituzke eskolak emateko baldintzak eta, beraz, hiritarrek eskolak jasotzekoak ere bai.
Blanca Urgell Kultura sailburuak, euskaltegiek egiten duten lan itzela goraipatu du. "Euskarari bultzada emateko euskaltegiek egiten duten lana ezinbestekoa eta goraipatzeko modukoa da. Eskerrak beraz, egunero-egunero euskaltegietan buru-belarri lanean ari zareten guztioi. Krisi ekonomikoak eragindako koiuntura ez da xamurra, eta ahalegin izugarria egin dugu euskaltegiei ahal izan dugun gutxiena eragiteko".
Helburu hori betetze aldera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta HABEk euskarako eskolen eskari homologatu osoa atenditzeko behar diren giza baliabideen soldata gordinen eta antzinatasunaren kostua finantzatuko dute, aldez aurreko neurriketarik aplikatu gabe. Finantzaketa hori HABEren deialdiaren bitartez gauzatuko da. Gainera, udal euskaltegietan dituzten matrikula-sarrerengatik aplikatzen den kenketa ezabatu egingo du. EUDELek, bere aldetik, udalek euren udal euskaltegietako baliabideak euskara-eskolen eskari homologatu errealera egokitu ditzaten bultzatuko du, horretarako egon daitezkeen aukera desberdinak erabiliz.

 

 

EUDELen ordezkaritza HABEn

Akordioaren sinaketan beste zenbait neurri eta ekimen ere adostu dira. Besteak beste, eta HABEren sorrera legean jasota ez badago ere, EUDELek ordezkari bat izango du aurrerantzean HABEren Zuzendaritza Batzordean.
Horrez gain, ikas-materialei dagokienez hiru egitasmo jarriko dira martxan. Batetik, BOGA programa eguneratuko da. Bestetik, autoikaskuntzarako planteamenduarekin, sarean, doan eta tutorizazio beharrik gabe, 60-80 orduko moduluak egingo dira alor profesional zehatzei zuzenduak. Eta azkenik, testu-liburu bat egingo da euskarazko lehen mailen irakaskuntzari zuzendua.
Hitzarmenarekin Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek 2009ko uztailaren 17an hartutako erabakiak berretsi dituzte. Adostutako irizpideak 2010-2011 ikasturtean egongo dira indarrean.
Diru-baliabideei dagokienez, ikasturteko lehen hiru hilabeteei dagokien ordainketa zuzenean egin zaie euskaltegiei; aldiz, gainerantzeko hilabeteei dagokiena deialdi bidez egingo da 2011. urteko lehen hilabeteetan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario