viernes, 19 de noviembre de 2010

TEKNOLOGIA BERRIAK: SAREKO EUSKARAZKO BILATZAILEAK


Interneten nabigatzean, zerbaiten inguruko informazioa bilatu nahi denean, betiko bilatzaile erraldoietara jotzen da normalean, hau da, Google, Yahoo eta MSN Live bilatzaileetara. Informazioa ingelesez edo gazteleraz lortu nahi bada bilatzaile horiek emaitza onak ematen dituzte, baina zer gertatzen da lortu nahi diren webguneak euskarazkoak badira? «Energia » hitza bilatuz gero, zenbatgarren azaltzen da lehenengo euskarazko webgunea?
Horretarako daude euskarazko bilatzaileak. Aspaldi honetan euskara indarra hartzen ari da interneten eta euskaraz lan egin nahi izanez gero gero eta beharrezkoagoak dira euskarazko bilatzaileak. Izan ere, euskarazko bilatzaileak, Google web gunearen antzera, bilaketak egiteko web guneak dira, baina euskal gaietan bakarrik aritzen dira. Bilatzen ari den informazioarekin zerikusirik duenik bilatzailearen datu-basean ba ote dagoen ikusteko balio du. Bilaketaren emaitzak beste web guneetara estekak eskaintzen ditu.

Hona hemen euskarazko bilatzaile garrantzitsuenak:

Kaixo!
Helbidea: www.kaixo.com
Kaixo! bilatzaile elebidunak aurten hamairu urte bete ditu sarean (Googlek gutxiago ditu), Euskal Herriko webguneen lehenengo bilatzaile propioa izan zela esan daiteke. Hor, euskarazko eta gaztelerazko edukia duten web orriak agertzen dira, eta, euskarazko bilaketak egiterako orduan, ez du teknologia berezirik erabiltzen.

Jalgi
Helbidea: www.jalgi.com
Jalgi bilatzailea EHUko Informatika fakultateko proiektu baten fruitua izan zen eta euskararen tratamendurako teknologiak aplikatzen zituen lehen bilatzailea izan zen. Jalgi, bere jarduerak lehenagotik hasi bazituen ere, 2000 urtean hasi zen bilaketak eskaintzen. Gaur egun ere martxan da webgunea; ohiko bilaketez gainera, entziklopedietan eta mapetan egitekoak ere eskaintzen ditu.

Aurki
Helbidea:www.aurki.com
Aurki proiektua Eibar.org elkarteak jarri zuen martxan 1999an; euskarazko webguneak soilik bilatuko zituen bilatzailerik ez zegoela eta, web gune horiez osatutako direktorio gisa hasi zen. Dmoz nazioarteko proiektuaren babesean eman zituen bere lehenengo urteak, baina proiektua indarra galduz joan zen eta 2005 hasieran RSS jarioen bilgune bihurtu zen. Han, euskarazko hedabideak, blogak, agendak eta RSS jarioa eskaintzen duten webguneak biltzen dira oro har

Elebila
Helbidea: www.elebila.eu
Elebila euskarazko lehen Internet bilatzailea da. Interneteko bilatzaile ezagunenen funtzioak eskaintzen ditu baina kalitatezko euskarazko emaitzak lortzeko bermearekin. Euskarazko bilaketak egiteko orduan bi arazo nagusi daude: alde batetik euskarak Interneten duen garrantzia erlatibo txikia eta bestetik atzizkien erabilera zabala. Euskarak sarean duen pisua txikia dela-eta, “anorexia” edo “energia” bezalako hitz teknikoak bilatuz gero euskaraz idatzitako dokumentuak inoiz ez dira lehen emaitzen artean agertzen, hitz horiek beste hizkuntza batzuetan ere existitzen direlako. Eta berdin gertatzen da “Newton” edo “Egipto” bezalako izen bereziekin, eta “katu” edo “esne” bezalako hitz laburrekin ere. Elebilak arazo hau konpontzen du.
Bestalde, euskarak oso deklinabide aberatsa duenez, bilatzaile arruntek ematen dituzten emaitzak inoiz ez dira osoak: “energia” bilatzen badugu hitz zehatz hori duten dokumentuak agertzen dira soilik, eta “energiaren kontsumoa handitu da” moduko esaldiak ez dira emaitzan agertzen. Elebila arazo honi aurre egiteko prestatuta dago. Gainera, direktorio-teknologia erabiltzen duten bilatzaileek bertan gordeta dauden webguneetan bakarrik egiten dituzte bilaketak, hau da, webgune berri bat euskaraz ateratzen denean norbaitek erregistratu egin behar du orri emaitzetan ager dadin. Elebilan, aldiz, ez da horrelakorik egin behar; bilaketarako bilatzaile handien datu baseak erabiltzen direnez, web orri berriak emaitzetan agertzeko, ez da norbaitek horiek erregistratu arte zain egon behar, lan hori bilatzaile handiek egiten dute. Horrela, Elebilan bilatzen den informazioa inork susma ez dezakeen webgune batean baldin badago, emaitzan azaldu egingo da.
Beraz, lanak euskaraz egin behar dituztenok, euskararen presentzia Interneten aztertu duzuenok, Internet euskaraz erabili nahi duzenok…. Erabili euskarazko bilatzaileak!


No hay comentarios:

Publicar un comentario